XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Rita serio ari zen bere kontakizunean eta ez neukan berriro baboarena egiteko asmorik.

Emakumeak esaten zidan hitz bakoitza, antsiaz entzuten nuen.

Arretaz jarraitu nuen bere kontakizun oro, nire egarri zoroarentzat edabe hoberik ez zitekeela egon konturatuta.

Ezin zuen Hans gabe bizitzen asmatu, ederrak izan baitziren elkarren alboan egindako urteak, berak sekula bizi izan zituen onenak, baina haren egoeraren menpe ere ezin zuen jarraitu.

Azken finean, Hansek hautaturiko gerlari-bizitzak ez zuen berarentzat balio.

Bide hartan ez zihoazen inora, tristeziaz eta zorigaitzez betetako putzura izan ezean.

Hansen antzera pentsatzen zuen berak ere, bitan banatuta zegoela mundua, baina eguneroko kontraesanak bizi nahi zituen Ritak.

Kezka haundiak bazterrean lagata, korapilo txikiak askatzen ahalegindu nahi zuen.

Gainerako gehienek bezala, gazi-gezetan aurkitu, aurrera egiten asmatzeko adorea.

Berak ez zuen, Hansek bezala, bizitza kartzela zulo batean edo bala baten aurrean galtzeko hauturik sekula egin.

Ez zegokion bizimodua suertatu zitzaion amodioaren zozketan.

Zailagoa gertatzen zitzaion berari Hansi baino, iraultza jokabide bihurtzen zuen bizikera hura.

Horregatik ez zuen jakin nahi izaten Hans nondik nora ibiltzen zen ezkutuan, horregatik ez zion lagundu sekula hark egindako gauzetan.

Behin eta berriz itxuraz, izenez eta etxez aldatzeko prest egondakoa zen bai, hartara behartzen baitzuen maitearen jarduerak, hortik aurrera, ordea, ez eta izpi bat ere gehiago.

Beldur handia zion berak poliziari eta, batez ere, laguna noizbait salatzeko arriskuari.

Ez zuen Hansek egindako ekintzen aldetiko ezer zehatzik jakin nahi izaten eta beldur hartatik babesteko, artazi irudikatu batzuekin zekien mozten euren bien arteko harremana: alde batera geratzen ziren Hans eta bere ibilera guztiak, beste aldera bien artean zeukaten mundua.

Derrigorrean ezkutuan bizi beharra egokitu zitzaien iheslarien bizimodua.

Orain egun hura gogora ekartzen dudan bakoitzean, denbora guztian lelo aurpegia jarrita eduki nuela iruditzen zait.

Kontatzen zidana izugarria izanik ere